Giza Eskubideen aldeko Pedagogia Baliabideen II. Azoka motorrak berotzen

Eskura Zentroak giza eskubideen aldeko pedagogia-baliabideen II. azoka antolatu du urriaren 19tik 21era, eta “Ikusezin bihurtutako pertsonak, lausotutako eskubideak” izango du izenburua.

Lehengo urtean antolatutako I. Giza eskubideen aldeko pedagogia-baliabideen Azokari jarraipena eman nahi diogu. Aurtengoan osasun egoerak behartuta, Azoka online izango da eta egun bakoitzean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, giza eskubideekin lotutako gai bat jorratuko dugu: etxerik gabeko pertsonak (urriaren 19an), pertsona migratzaile eta errefuxiatuak (urriaren 20an) eta desgaitasunen bat duten pertsonak (urriaren 21ean).

Azoka honek hiru helburu nagusi ditu: batetik, giza talde horiengana hurbiltzea eta haien egoera hobeto ezagutzea; bestetik, euskal elkarteek egoera horiek eta haien eskubideak ikusarazteko dituzten baliabide pedagogikoak aurkeztea, eta, azkenik, giza eskubideen ezagutza sustatzea eta horiek defendatzea gu guztion zeregina dela jabetzea.

Eta horiek bete asmoz, saio bakoitzean, gaia ondo ezagutzen duten elkarteetako pertsonekin hitz egingo dugu eta beraiek sortu dituzten pedagogia-baliabidea desberdinak ere aurkeztuko dizkigute. Denetarik izango dugu, zinearekin lotura duten baliabideak, erakusketak, bizipeneko proiektuak, kirolaren bidez aukerak zabaltzen dituztenak, gidak … eta gehiago.

Laster izango dugu programazio osoaren informazio zehatzagoa. Oraingoz, joan datak agendan gordetzen!

03/09/2020