Nazioarteko Mintegiaren lehen jardunaldiak migratzaileen errealitatera gerturatu gaitu

Donostiako San Telmo Museoak Raúl Delgado Wise eta Javier García Murrieta mexikarren bisita jaso zuen atzo, Nazioarteko Mintegiari hasiera emateko arduradunak.

Donostiako San Telmo Museoak  Raúl Delgado Wise eta Javier García Murrieta mexikarren bisita jaso zuen atzo, Nazioarteko Mintegiari hasiera emateko arduradunak.

Raúl Delgado, Garapenerako Nazioarteko Sarearen presidente eta sortzailea eta 30 libururen autorearen eskutik etorri zen irekiera hitzaldia. Bere aurkezpenean “migrantea aurkaritzat hartzeko diskurtso bat eraiki dela” eta bere kriminalizaziora jotzen ari dela nabarmendu zuen. Ameriketako Estatu Batuen adibidea izan zuen batez ere hizpide eta estatistika eta datu mordo batez baliaturik, migrazio fluxua positiboa eta beharrezkoa dela adierazi zuen. Hori dela eta, “Ciudades Santuario” delakoen Sarea sortzea proposatzen du, non, giza eskubideak eta duintasuna bermatuak egongo diren, eta hartara, ultraeskuinekoek sustatzen duten gorroto diskurtsoari aurre egin.

Halaber, Javier García artista grafiko eta giza eskubideen aktibistak, La Cocina de la Patronas pelikula aurkeztu zuen, zeinak Global Migration Film Festival 2018eko lehen saria jaso duen. Filmak emakume talde baten istorioa kontatzen du, bi hamarkada baino gehiagotan Mexiko eta AEBen arteko mugaraino iristen den trenaren gainean bidaiatzen duten migratzaileei elikagaiak eta babesa ematen darabilten emakumeena, hain zuzen ere. Urteetan zehar jazotako gertakizun eta bizipenak jasotzen ditu lehen pertsonan, hori dela eta, emakumeen ahalduntze prozesuaren zilegizko isla da. Proiekzioaren ondorengo solasaldian, batez ere, protagonistek hurkoarekiko duten maitasun eta errespetua jarri zen balioan.

Bertaratutakoek bi ekintzen arteko osagarritasuna azpimarratu zuten; lehena, ikuspegi akademikoago batetik; bigarrena, gertutasun eta errealitate ikuspegi batetik. Mintegiari hasiera emateko eta arreta migrazioan jartzeko modu ezin hobea, beraz.

Raúl Delgado Wisen hitzaldia entzuteko: https://www.youtube.com/watch?v=BL-gg-oqBEs

20/02/2019