Eskura Mediateka martxan

Azaroaz geroztik, Eskura Zentroko dokumentazio zentroa edo Mediateka martxan da. Euskadin dagoen giza eskubideen aldeko baliabide pedagogikoetan espezializatutako zentro bakarra da eta, besteak beste, liburuak, pelikulak, unitate didaktikoak, gidak eta jolasak biltzen ditu. Jada 1000 liburu eta pelikulaz hornitua dago, horietako asko argitaratu berriak. Datozen hilabeteetan, euskarri eta metodologia ezberdinetako baliabide gehiago sailkatu eta gordetzen jarraituko du.

Mediatekak hiru zerbitzu eskainiko ditu: mailegutza, aholkularitza eta zabalpena. Alegia, giza eskubideen gainean dauden materialak identifikatu eta gordetzeaz gain, horiei irteera emango zaie buletin monografikoen eta zuzeneko aholkularitzaren bitartez. Gainera, Euskadiko Liburutegien Sareko sukurtsala da, beraz, edozein liburutegiko bazkide txartelarekin edo nortasun agiriarekin mailegatu ahal izango dira baliabideak.

Mediatekako edukiak webgunearen bitartez kontsultatu daitezke. Horrez gain, mediateka fisikoak 4 espazio ditu: liburuen atala, aldizkariena, DVD eta baliabide anitzen atala, eta azkenik, ikus-entzunezko baliabideak kontsultatzeko espazioa internetarekin. Bertara gerturatzen direnak, materialak aztertzeko mahai eta eserleku erosoak eskura dituzte.

Aholkularitzarako edo beste edozein kontsultarako, helbide honetara zuzendu: mediateka@eskurazentroa.eus

05/11/2019