Giza Eskubideen aldeko Pedagogia Baliabideen II. Azoka

Duela egun batzuk aurreratu genuen bezala, giza eskubideen aldeko pedagogia-baliabideen II. Azoka urriaren 19, 20 eta 21ean izango da. Saio guztiak online jarraitu ahal izango dira 18:00etatik aurrera.

Azokari eman diogun izenburua “ikusezin bihurtutako pertsonak, eskubide lausotuak” da. Saio bakoitzaren helburua ikusezin bihurtutako errealitate sozial batera hurbiltzea izango da, pertsona hauek haien eskubideei dagokienez bizi dituzten egoerak ikusarazteko. Herritarrak gizarte-eraldaketako lan batean inplikatzeko helburuarekin sortu diren pedagogia-baliabide batzuk ere ezagutuko ditugu. Hau guztia, Euskal Herriko elkarteen eskutik egingo dugu.

Urriaren 19an, astelehena, etxerik gabeko pertsonen egoera aztertuko dugu eta horretarako hiru elkarte izango ditugu: Caritas Bizkaia, Bizitegi eta Arrats. Horrez gain, 3 baliabide interesgarri aurkeztuko ditugu: “Homeless Festival” (Bizitegi), “Ikusezinak irratia” (Arrats) eta “aparkatu zure axolagabekeria” (Caritas Gipuzkoa).

Urriaren 20an, asteartea, CEAR Euskadik sortutako “El IncenDiario” (16 ‘) dokumentala ikusiz hasiko dugu saioa eta ondoren, bideoan oinarrituta, CEAR Euskadiko, SOS Arrazakeriako, Zaporeakeko eta Gurutze Gorriko ordezkariekin hitz egingo dugu migratzaileen eta errefuxiatuen errealitatera hurbiltzeko asmotan. Beste bi pedagogia-baliabide ere ezagutu ahal izango ditugu: “pertsona errefuxiatuekin mentoretza” (SOS Arrazakeria) eta “mugetatik haratago” (Alboan).

Urriaren 21ean, desgaitasunen bat duten pertsonen bizipenak ezagutuko ditugu. Elkartuko, Gautenako eta ONCEko ordezkariek hitz egingo digute horretaz. Aurkeztuko ditugun pedagogia- baliabideak “herri inklusiboak” (Gautena), “Egokide proiektua” (Mindara) eta “orainaldiko laguntzak, etorkizuneko bermeak” (ONCE) izango dira.

Hiru egunetan Jon Martin bertsolariaren saioa ere izango dugu, bertso batzuen bidez saioan zehar jorratutakoaren bere ikuspegia emango digu. Bere bertsoak errealitate hauen inguruan lan egiteko beste pedagogia-baliabide bat dira.

17/09/2020