Eskura, Aieteko Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen Zentroko jarduera martxan jarriko da

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute Aieten, Eskura izena izango duen Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen Zentroa abiarazteko

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute Aieten, Eskura izena izango duen Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen Zentroa abiarazteko. Zentroaren helburua da giza eskubideei buruzko hezkuntza sustatzea eta, horretarako, euskal gizartearen eskura ipiniko ditu (horregatik izena), helburu horretarako unitate didaktikoak, ikus-entzunezko dokumentazioa, testuak edo literatura eta musika-obrak. Euskadin giza eskubideei buruzko memoria eta hezkuntzan abian diren azpiegiturentzako, zein beste eragile eta elkarteek garatzen duten lanaren pieza osagarria izango da. Jarduerak, mediateka baten sorrera eta urteko bi ekimen izango ditu ardatz: nazioarteko mintegi bat eta Giza Eskubideei buruzko Baliabide Pedagogikoen Tokiko Azoka bat.

Gaur goizean egin da aurkezpena Aieteko eraikinean, eta bertan parte hartu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Eneko Goia Donostiako Alkateak. Hiru erakundeek adierazi dute Eskura Zentroaren jarduera izango dela hezkuntza, gizarte eta partaidetza-pedagogiarako baliagarri diren baliabideak “biltzea, sortzea eta hedatzea”. Zentroren jarduerari gaur eman zaio hasiera hitzarmena sinatuta eta lehenengo fasea 2019ko ekainaren 30era arte luzatuko da.

19/02/2018