Harrera ona izan du Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-baliabideen azokak

Euskal Herriko hamairu elkartek ikusezin bihurtutako pertsonen eskubideez solasean izan dira urriaren 19tik 21ra antolatutako hiru saiotan. Pedagogia-baliabide interesgarriak ezagutzeko aukera bikaina izan da.

Giza Eskubideei buruzko Pedagogia-baliabideen II. Azoka amaitu da, eta hobeto ezagutu ditugu ikusezin bihurtutako pertsonen bizipenak, haien eskubideei dagokienez. 13 elkartek parte hartu zuten eta eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei: Caritas Bizkaia, Bizitegi, Arrats, Caritas Gipuzkoa, CEAR Euskadi, Gurutze Gorria, SOS arrazakeria, Zaporeak, Alboan, Elkartu, Gautena, ONCE eta Mindara. Era berean, ikusarazi nahi ditugu eta eskerrak eman beste lagun hauei ere: Garazi Solis, Jon Odriozola eta Aintzane Muguruzari saioak zuzentzeagatik, Jon Martini beste pedagogia-baliabide interesgarria sortuz saioak laburbilduz egindako bertsoengatik, interprete-lanak egin zituen Idoia Nobleri, Bengoako teknikariei, alderdi teknikoaren ardura izan zutenak eta behar genuenean bertan egon ziren gainerako langileei.

Eta azokaren edukiei erreparatuz, ezagutu ahal izan genituen esperientzia batzuk azpimarratu nahi ditugu.

Urriaren 19an, etxerik gabekoei dagokienez, Bizitegikoek, urtero antolatzen duten “Homeless Film Festival” aurkeztu zuen. Jaialdi horretan, etxerik gabeko pertsonek parte hartzen dute antzezlan baten bidez eta beraiek egindako film labur batzuekin. Bestalde, ikastetxeetan egindako bideoak ikus daitezke, ikasleek aurretik gaia landu eta etxerik gabeko pertsona batzuen bisita jasotzen dute. Arratsek “ikusezinak irratia aurkeztu zuen, eta, hain zuzen ere, askotan entzuten ez ditugun pertsona eta kolektiboei ahotsa ematen diete irratian. Beren webguneko podcast-ak baliabide onak dira hainbat testigantza entzuteko lehen pertsonan. Eta Caritas Gipuzkoak “aparkatu zure axolagabekeria” erakusketa aurkeztu zuen, bazterketa-egoeran bizi diren pertsonengana hurbiltzen gaituena. Erakusketa honen harrigarriena da hainbat herritako lurpeko aparkalekuetan kokatu dela, autoa aparkatu behar zuten pertsonak ezustean harrapatuz. Formatu harrigarria da, errealitatean oso ondo kokatzen gaituena eta egoera horiekin enpatizatzen laguntzen duena.

Urriren 20an, saioa “el IncenDiario” (CEAR Euskadi) bideoa ikusiz hasi zen. Bideo horretan adierazpen xenofoboak eta gorrotoz betetako mezuak jasotzen dira, eta mobilizatzeko gonbita egiten zaigu. Jarraian, SOS Arrazakeriak “Pertsona errefuxiatuekin mentoretza” proiektua aurkeztu zuen. Proiektu hau ekintzarako gonbidapen eta aukera argia da, errefuxiatu batekin harreman zuzena izan eta berari harreman sare bat eskaintzeko. Amaitzeko, Alboanek aurkeztutako “mugetatik haratago” proiektua ezagutzeko aukera izan zen. Proiektua amaituta dago, baina bizipen-metodologia interesgarria eskaintzen zuen, herrialdetik irten behar duten pertsonekiko enpatia sustatzen zuena eta bidean dituzten gabeziak ezagutzeko baliagarria izan zen.

Azoka amaitzeko, urriaren 21ean Gautenakek zenbait udalekin egiten ari den “herri inklusiboak” izena eman diogun ekimenen multzoa aurkeztu zigun. Ekimen hauen bidez autismoa duten pertsonek hiriaz gozatzeko aukera dute (zebrabideak piktogramekin, jaiak zaratarik gabeko orduetan). ONCEk itsuei edo ikusmen gutxiko pertsonei eskaintzen dizkieten baliabideak aurkeztu zituen, eta ikastetxeen bisita jasotzeko ateak ireki zituen. Amaitzeko, Mindarak “Egokide proiektua” aurkeztu zuen. Proiektuaren bidez, batetik, desgaitasunen bat duten pertsonek kirol egokitua egin dezakete probintziako klub batzuetan, eta bestetik saioak egiten dituzte ikastetxeekin, enpresekin eta, oro har, gizartearekin, desgaitasuna duten pertsonekiko enpatia lantzeko.

26/10/2020