Yayo Herrero López

Ekologia politikoaren, ekofeminismoen eta jasangarritasunerako hezkuntzaren arloetako aholkulari, ikertzaile eta irakaslea. Lizentziaduna da Antropologia Sozial eta Kulturalean, diplomaduna Gizarte Hezkuntzan, eta nekazaritzako ingeniari teknikoa ere bada; horrez gain, diploma bat du Hezkuntza eta Pedagogia Sozialaren Teoriako ikasketa aurreratuetan. Gaur egun, Garúa sozietate kooperatiboko bazkide da, eta Espainiako hainbat unibertsitatetako irakasle. Hogeita hamar liburu baino gehiagoren egile edo egilekidea da, eta hainbat komunikabiderekin kolaboratu ohi du. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Fundazio Orokorreko Ingurumen Azterlanen eta Informazioaren Zentro Konplutentseko koordinatzaile eta FUHEMeko zuzendari nagusi izan da. Duela hamarkada batzuetatik, bere lanbidean jarduteaz gain, modu aktiboan parte hartzen du gizarte mugimenduetan, bereziki mugimendu ekologistan. Ekologistak Ekinean erakundeko kide da. Erakunde horretako koordinatzaile konfederala izan zen 2005etik 2014ra bitartean.